Ez, ez naiz okertu. Badakit oraindik ia bi hilabete geratzen direla Zigarrolako jaietarako. Baina San Isidro dela eta, 1982an esku egitaraurako eskatu zidaten idazkiaren bila jo dut nire paper zaharretara eta hantxe zegoen, denboraren joanak horixkatua. Mamiak lehen bezain bizirik jarraitzen duenez gero, ordea, hona aldatu nahi izan dut izkribu hartan idatzitakoa, belaunaldi berrien ezagutzarako. Hona hemen, beraz, “59 urte pasatu ondoren” titulatu nuena: 

“Auzoko ez hain gazteek gogoan dute oraindik: 1923ko maiatzean ospatu zen lehen aldiz San Isidro, auzoko jai nagusi bezala. Lehengo auzokideek bi jomuga izaten zuten jaiei zegokienez: zubiz Bergararuntzekoek San Prudentziokoak ospatzen zituzten; Arrasateruntzekoek, berriz, San Juanak.

Baina 1923an erabaki zuten musakolarrek euren jai nagusia aurrerantzean auzoan bertan egitea. Izan ere, auzokoek – nekazal auzoa zenez- San Isidro ospatzen zuten baina kalera joaten ziren beste auzoetako nekazariekin batera eguna emateko.

Zer gertatu zen egun hartan? Bada, Eskola Bateratuaren inaugurapena bizi izan zutela auzotarrek. Eta ospakizun bereziez antolatu zuten eguna. 
Domingo Arzamendi zen Arrasateko alkatea eta auzokoa Juan Gorosabel “Axerikua” Herriko udal taldean beste auzokide batek zeukan kargua: Pedro Arregi “Garratz” Hiru horiek eman bide zituzten lehen urratsak Eskola gauzatu ahal izateko. Hogeita lau baserri ziren orduan auzoan eta ikastetxe berriaren inaugurapena pozik hartu zuten denek. Aretoa Villafrancako Kondearen etxabehe batean zegoen eta bedeinkazioa Pedro Izagirre San Juan Bataiatzaile parrokiako apaiz laguntzaileak eman zuen. Ostean, udal txistulariek lagun, herri eta auzo alkateek aurresku bana eskaini zioten, egun hartatik eta urte luzetan eskolako maistra izango zen Elisa Lasari.

Ondoko ospakizuna mahai baten inguruan burutu zen, eskolan bertan. “Txoza” eta “Bishentena” tabernetatik zerbitzatu zuten bazkaria eta mahaikide asko bildu zen. Bakoitzak berea ordaindu behar izan zuen. Bazkaria aurrera zihoala, Pedro “Garratz”ek aldamenean eserita zeukan Patxi Gorosabeli esan zion: “Señoritoari abisatzea ahaztu jaku” Señoritoa Sagasti Etxeko Rafael Ariza injinerua zen. Batzuk etxera joan zitzaizkion behintzat

bazkalondoan etortzeko erregutuz. Baita Ariza agertu ere, guztientzat opari banarekin: egundoko zigarro purua. 

Mahaiko giroa berotzen hasi zen eta laster bertsolariek ekin zioten saioari. Urte haietan zaletasun handia zen baserritarren artean bertsotan egitera eta oraindik batzuen izenak gogoratzen dira auzoan: Isidro Arregi “Zeleta”, Martin Egidazu “Arruena”, Antonio Gorosabel “Antoña”, Juan Gorosabel “Axerikua”, Manuel Pagoaga “Aranguren”, Braulio Arizabaleta “Izekiel”, Agustin Sagasta “Mojategi”, Bishente Arabaolaza “Itsasondo”, Joxemiel Arabaolaza “Errota”, Jabier Zelaiaundi “Antoña”… Horietako batzuk “Txirrita”, “Prantsesa” eta beste zenbait bertsolari handirekin aritu ziren behin baino gehiagotan, batez ere ospetsu horiek san Isidrotara etortzen zirenean.

Egun hartako arratsaldeko zazpietan herriko musika bandak dantzaldia alaitu zuen. Gillermo Lasagabaster zuzendari ordekoaren gidaritzapean, hantxe zeuden Rufo Aranbarri, Fernando Amozarrain, Joxe Urionabarrenetxea “Joxe Bizar”, Lorenzo Aranbarri “Pedroaundi”, Jesus Ortuoste “Txapero”, Roberto Herrera, Miguel Sanpedro, Eustakio Markaide “Olia” eta abar, pasodoble, txotis, habanerak eta beste eskaintzen ari.

 Aurrena pasodoblie, gero txotis eta habanerak. Azkenaurrekoa jotie eta azkena ostera pasodoblie.


Gauerdian amaitu zen egun hartako jaia. Auzokide guztien baitan ideia bat zebilen: San Isidro hautatu behar zen auzoko jai nagusi bezala. 
Eta horrela izan da. Berrogei eta hemeretzi urte pasatu dira. Hogeita lau baserri haietako batzuk betiko desagertu dira. Horien ordez etxebizitza ugari eraiki dira eta Musakolako auzoak aldaketa haundiak bizi izan ditu. Orduko ikas geletan lehen hizkiak ikasi zituzten gizon-andreak areto berdinetara itzuli berri dira. Ez dira euren ikasketetan sakontzera joan. Ez. Elisa Lasaren ingurura biltzen ziren ume haiek solasaldietarako aterpe bihurtu dute Eskola zaharra, Jubilatuen Txokoa bertan baita. Eta kafe edo baxo erdi baten aurrean garaiko gertaerak euren gogoan astintzen dituzte. Iraganean murgil egitea etorkizun ezezagunean baino atseginagoa ei zaie. Eta Juanito “Zabaleta”, Patxiko “Antoña” eta beste askoren jazoera eta xelebrekeriak berpizten dituzte, behin eta berriz, eta – oharkabean-  beste bizimodu desberdin baten ezagugarriak azaltzen dizkigute.

Aretoan, mahai eta aulki artean jolasean, Maite neskatila polita ikusten dugu, duela berrogei eta hemeretzi urteko ume hain laguna. Maite da gaurko amandre eta aitajaunen itxaropenezko ondorengoa”
Lau urte barru, beraz, “astoaren jarraitzaileek” ehun urte beteko dituzte euren jaiak direla eta. Badakite, beraz, aitzakia dutela zerbait berezi prestatzeko.